Mezua
KONKISTAK DARRAI, MEMORIAK ERE BAI
MEMORIA, MÁS ALLÁ DEL 2012
NOAIN 2013
Memoriaren urtea izan zen 2012a. Oroimenerako eta agitaziorako urtea, gure nortasuna indartu eta manipulazioa arbuiatzekoa. Nafarroa 1512an izan zen konkistatua, eta horrek gure identitatearen eta arazoaren zergatiari buruzko erreferente garbia ematen digu.
Baina konkista ez zen 1512an amaitu. 18 urte luzez, okupazio indarrek nafar gizartea suntsitu zuten, erakundeak deuseztatu eta sistema defentsa birrindu. Ordura arte independente izandako erresuma mendean hartu zuten horrela. Lapurtutako subiranotasuna berreskuratzeko helburuarekin, hiru errekonkista saiakera eman ziren. Azkenengoa Noaingo batailarekin amaitu zen, zeinean 8.000 nafar eta gaskoik 30.000 gaztelarren armadari egin zioten aurre. Bataila hartan gerra galdu zuten nafarrek 1521eko ekainean. Baina Nafarroaren okupazioak gure gogoan iraun du mendetan zehar.
Memoria gizarte batek eduki dezakeen ondasun garrantzitsuenetakoa da, bere errealitatea ezagutzea eta bere izaera naturaltasunez onartzea ahalbidetzen baitio. Bere etorkizunari ausardiaz eta buru-argiz ekitea, alegia.
Baina polemika atzean geratu zen, oihartzunak isildu egin ziren, atentzio gunea tokiz aldatu zen… eta historia trafikatzaileak ekinean hasi ziren berriz ere. Iraganaren manipulazioak gezur zaharra berrezartzea helburu. 2013ko lehen hilabeteotan diru publikoz finantzatutako komiki bat argitaratu da, gaztediari zuzendua eta aski ezagun ditugun tesi zaharminduz josia, Nafarroako konkista benetan nolakoa izan zen kontuan hartu gabe.
Eta hezkuntza gizarte sistema bat mantentzeko oinarria den aldetik, betiko tesiak defendatzen dituen unitate didaktiko berri bat agertu da: errege konkistatzaileak bakea ekarri zuen Nafarroara, eta nafarrek antzinatik izan duten anexio bokazioa errespetatu zuen…
Botereak ongi baitaki zein den memoria historikoaren gaitasun askatzailea, eta unean uneko iritzi-bataila irabazi dugun arren, ez du etsiko memoria neutralizatzeko ahaleginean.
Joseba Sarrionaindiaren hitzetan, “gure belaunaldiak euskara eta euskal kultura mantentzeko egin du borroka, baina funtsean, euskararen eta euskal kulturaren bilakaera paregabea gauzatu du (…) Izan nahi duguna izango gara”.
Memoria historikoak modu berdintsuan funtzionatzen du. Garena mantentzeko eta gertatu zaiguna ezagutzeko borondate hori sormen ziztada bat da azken batean. Ez da karga bat, batzuk argudiatzen duten bezala, ez eta atzeraka garamatzan helmuga, herri bezala definitzen gaituen indarra baizik. Askapen esfortzu horretan aurrera bultzatzen gaituen proiektua, alegia. Memoria sormenaren oinarria da; izatearen energia bera, garatuz berritzen dena. Baina horretarako behar beharrezko du bere buruaren kontzientzia izatea; Sarrik esaten digun bezala, memoria bizirik mantenduz nahi duguna izango gara.
Memoria gure talde kontzientzia da. Ez dezagun alboratu data zehatz bat iragan delako, edo eztabaida isilarazi delako.
Ekainaren 29, denok Noainera!




